Saltar navegación

LEITZAko  Udala

2012ko maiatzaren 20a

ZER IKUSI

PLAZAOLA NATUR-BIDEA

Antzinako Plazaola trenak Iruñea eta Donostia lotzen zituen; Plazaola Partzuergo Turistikoak sustatu du 85 kilometroko bidea berreskuratzea. Momentuan trenbidea zenaren zati handiak daude egokituta, baina guztion nahia litzateke garai batean trenak egiten zuen ibilbide bera, osotasunean, egokitzea. Iruñea eta Donostia natur-bide jarrai batekin lotuz. Bertakoek eta bisitariek ibilbide honetan zehar gure lurraldeak erakusten dituen paraje ezberdin bezain ikusgarriez gozatuz.

Leitzak ditu natur-bidean egokitutako kilometro gehien. Garai batean Leitzako estazioa zenaren eraikinetik has ditzakegu ibilbide ezberdinak.

Uitzi aldera abiatuta, 7 kilometroko ibilbidea dugu Uitziko tuneleraino. Tartean, Telleriko tunel eroria dela-eta zeharkako bide bat hartu beharko dugun arren, Leitzako herriaren bista ikusgarriak topa ditzakegu eta benetan bide gomendagarria da.

Estaziotik Gipuzkoa aldera hartuz gero, berriz, 26 kilometroko bide egokitua daukagu. Andoaingo herriraino iristen da bide hori eta oso ederraz gain, erosoa ere bada. Bizikletaz egiteko ibilbide bikaina, bista ederrez gozatuz.

Natur-bidekoa ibilbide egokia da pertsona guztientzat, 0-99 urtekoek egin dezakete oinez, aulkitxoan, gurpil-aulkian, bizikletaz edo zaldiz. Muga bakarra motordunek dute; ez autorik, ez motorik. Ibilgailu horientzat dago bide lasterra, A-15 autobidea, trenbidearen parez pare.

Momentu honetan Leitzako estazio zaharrean lanean ari gara. Leitzak eta inguruak turismorako behar dituen azpiegitura egokiak lortzeko proiektua jarri dugu abian. Plazaolako Partzuergo Turistikoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera apustu sendoa egin dugu Leitzaldean turismoa sustatzeko.

Informazio gehiago www.plazaola.org

LEITZAKO MENDIAK

LEITZALARREA:

Leitzako herrigunetik iparralderantz aterata, Plazaolako lehengo estaziorantz, horra iritsi baino metro batzuk lehentxeago ezkerrerantz dagoen errepideak Leitzalarrera garamatza. 8 Km eginda, Ixkibarren egonen gara.

Leitzalarrea paraje aparta da, naturaren ikuspuntutik garrantzitsua. Herriaren azaleraren erditsua du eta batez ere pagadiz eta hariztiz osatutako basoa da gehiena; larreak eta istordiak ere ugariak dira.

Leitzalarreko urak Leitzaran ibaiaren arrora eta Urumea ibaira isurtzen dira. Bada kasu bat, ordea, urtabearen arabera, bietara ere isurtzen dituena: Muñoko Loie iturriko urak normalean Urumeako isurikoak badira ere, euriteetan ura mendixkako bi paldetara joaki, iparralderanzkoek Leitzarango arroa dute isurleku.

Leitzalarrean han-hemen dauden monumentu megalitikoak pertsonon presentziaren antzinatasunaren lekuko eta froga dira; mendeetan zehar meatze-jarduera oparoa izan zen, eta orduko hondakinen eta burdinolen aztarna ugari daude oraindik. Egun abeltzantza eta basogintza dira bertan egiten diren jarduera ekonomiko nagusiak.

Geroz eta jende gehiago etortzen da bisitan eremu honetara. Ixkibar, baso artean eta mendiz inguratuta, aisialdiko eremua da eta bertatik inguruetan dauden hainbat leku interesgarritara joan gaitezke.

Leitzako herriko lurretan, bertako zuhaitz eta zuhaixkez gain, mota askotako konifera espezien aleak daude aldatuta.

Paseotxo batek Aritzaundira bidera gaitzake.

Izaieta ikustera joatea ere gomendagarria da, bertan dauden ia 40 m altuko eta ondare natural izendatutako izei zuri (Abies alba) ikusgarriak bisitatuz.

Aitzmurdira ere joan gaitezke, eta bertan dauden mugarratutako pago eta haritz zaharrek beste garai batzuk oraitarazi dizkigute, artzainez gain ikazkinak eta olagizonak paraje hauetan lan egin eta bizi zireneko garai haiek...

Leitzalarreko sekretuak aurkitu nahi ditugunok, hainbat eta hainbat ibilaldi egin ditzakegu hara eta hona, naturaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko dizkigutenak.

HARITZ:

Kornieta mendira igotzen den 10,5 kilometroko ibilbide txiki bat da PR NA-121a. Kornietatik inguru osoa ikusten da eta bertan parke eoliko bat dago. Basakabiko gainetik abiatuta ibilbide polita da familiartean egiteko. Bista zoragarriak gozatzeko aukera paregabea.

ALDE ZAHARRA

Ironikoki esaten da Leitzako etxeek ez diotela elkarri begiratzen eta maitale haserreen itxura daukatela..... Leitzako karriken artean, ez dago simetriarik. Han barna ibiliz eraikin ezberdin asko eta xarma bereziko tokiak ikus daitezke.

PLAZA ETA UDALETXEA:

Joko-kirol gunea da (pilotari, harri-jasotzaile, aizkolari eta abarrekin saio ahaztezin andana bizi izan dira bere historian barrena. Herri-kirolaren aspaldiko, egungo eta geroko izar askoren sorlekua. Ostiralero ospe handiko azoka egiten da eta igande arratsaldeak bertako txistulariek alaituak izaten dira. Udaletxea (1915) bere izaera monumentalagatik nabarmentzen da. Bertako harri gris-urdin tipikoaz egina, estilo soilekoa da eta behean arkupea dauka.

LABADEROA (1863):

Gure lurraldeko arkitektura zibilaren adierazgarri eta gure arbasoen bizimoduaren erakusgarri. Labaderoaren hasierako egite proiektua 1963koa da eta egoera onean kontserbatzen da.

SAN MIGEL ELIZA (XVIII. MENDEAREN AZKEN LAUR DENEKOA)

Ibarra eta herriko alde zaharra bere oinetan dituela dago San Migel Eliza. Harri gris-urdineko paretatzarrak eta arkupe handia, XVIII.mendearen azken laurdenean egin zen, eta XIX. mendeko aldameneko dorrea gailentzen da bertan.

PERU-HARRI

Harriaren Parkea: "Euskal nortasuna harriaren bidetik".

Hitzordua: 659 70 10 45.

PLAZAOLA PARTZUERGO TURISTIKOA

Web: http://www.plazaola.org