Leitzako herriak, zer eskaini zabala du.
Herri euskalduna izanik, altxorrik preziatuena Euskara dugu. Hau oinarritzat hartuz, bertako ohitura eta ondareak zintzoki mantentzen saiatzen gara.
Jarraian, urtean zehar gure herrian antolatzen diren ekitaldi nagusien agenda eta azalpenak aurkituko dituzue. Hemendik, gure ohiturez eta ekitaldiez gozatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu herritar zein bisitari zaretenoi.
Ilbeltzak 4: ZINTZARRI JOTZEA:
Gauerdi inguruan jende plazan biltzen da, zintzarri banarekin, eta herrian barrena (auzo guztietan zehar, zaharrak eta berriak) horiek joaz ibiltzen da, oinez, pausoan. Aldian behin, soinua handiagoa izan dadin edo, lasterraldiak ere egiten dira, aldapa beherak baliatuz.
Soinua ateratzeko jendeak zintzarriak eramaten ditu, eta baita joaleak, kulunkak, karrakak, kanpalinak, eta kaxkabelak ere.
Gaur egun biharamuneko kabalkadaren oharpen gisako ekitaldi-ekintza modura jotzen da, alegia, hiru errege magoak etorri aurreko iragarpena, umeek egun horietan bizi duten zirrara areagotuz: zintzarri soinuak aditu, "lo hori egin", eta hurrengo egunean, erregeak etorriko dira.
Baina ohitura hau kabalkadak eta opariak egiten eta banatzen hasi baino askoz ere lehenagokoa da. Jada neguko garai hotz eta ilunenak igaroak izaki, abenduaren 21ean neguko solstizioa pasa eta eguna luzatzen hasia baitago ilbeltzeko tenore honetan, "lurrari esnatzen laguntzeko", alegia, udaberrirako prestatzen hasteko, jotzen omen zituzten zintzarriak eta joaleak herritarrek. Adituen ustez gure herriko ohitura honek zuzeneko lotura du Iturengo eta Zubietako joaldunenarekin, esanahiari dagokionez, tenore bertsukoak baitira.
Aipatzekoa da ekitaldi honek hurrengo goizean jarraipena izaten duela. Ilbeltzaren 5eko eguerdi artean umeak ateratzen dira, mordoskaka, auzoan barrena zintzarriak jotzera. Baina ohitura hau galtzen ari ote den dirudi, azken urteotan oso ume gutxik parte hartzen baitu.
Ilbeltzak 5: KABALKADA:
Ohitura honek, 40 bat urte ditu gure herrian. Gainerako lekuetan bezala, Hiru Errege Magoen etorrera antzezten da, su-argi, kantu, musika eta Jaiotzarekin.
Ilbeltzeko 4. igandetik hasi eta astelehena eta asteartea: IHOTEK:
Leku gehienetan ez bezala, data hauetan ospatzen dira ihoteak gurean. Debekatuak egon ziren garai horietan ere ez zitzaion egiteari utzi, "pesta ttikiak" zirela argudiatuta.
Azken 20 urteetan galdua zegoen arren, 2008an berreskuratzeko eginahala egin den ezaugarri propioa dute gure herriko ihoteek: Zapelak. Alanbrez eginiko oinarri ahalik eta altuenak dira, paper-xingola koloretsuak josita. Putre, oilar... edo bestelakoren lumez apaindutako kukurutxo tankerako zapela erraldoi horiek buru gainean hartu -aurpegia estalita, noski- eta soinean soineko luzea jantzita koadrila ateratzen zen. Esan bezala 2008an ohitura berreskuratu da.
Ezaugarri berezi horretaz gain, badago gure ihoteetan inguruko herrietan ere komuna den beste ohitura bat, gero eta errotuagoa: baserrietara eskera joatea. Astelehen goizean Gorriztaran, Arkiskil, Erreka eta Sakulu baserri-auzoetara eskera ateratzen da: baserriz baserri, bakoitzean etxekoek prestatuta izaten duten mahai beteko jan-edanez ase eta musikarien doinuan dantzaldi batzuk egin ondoren, ibilian jarraitzen dute. Lau taldetan banatuta ia 400 izatera ere iritsi dira. Oso errotua dago ohitura hau. Asteartean, herriko bosgarren baserri-auzora egiten da eskea, Erasotera. Baina, nabarmena denez, bezperan gailurra jota izaten baita jendea ere, askoz ere jende gutxiagok hartzen du parte. Horrek berak, baserritarrekin kartetan egiteko beta ere ematen die parte-hartzaileei.
Kontuak kontu, badira ohitura berriak ere tartean. Hala, 1999.az geroztik, igandeko eguna ere oso ikusgarria izaten da, herriko koadrilek gurdiak prestatu eta kalejira egiten baita eguerdi artean. Herri bazkaria egin eta festak bakoitzaren ariora jarraitzen du. Asteartean ere koadrilek afariak egiten dituzte eta gaueko festa oso berezia izaten da, mariatxi, pantera arrosa, apaiz eta sorginen tartean ibil baitaiteke, astronautaz atxauretuta esaterako.
Ume, gazte, heldu nahiz adineko, ihoteak oso parte-hartzaileak dira gurean.
Otsailak 4: SANTA AGEDA BEZPERA:
Umeak etxez etxe ibitzen dira goiz partean, eskea egiten, hemen bertakoa den kantua abestuz: "Agira-agirando" kanta. Euskaraz ez eze, gaztelerazko hasiera duen kantu bitxia da hau, inguruko herrietan ere ezagutzen ez dutena eta oraingoz jatorria non duen argitu gabe duena.
Honatx: "Agira-agirando/ aquí estamos cuatro/ cantaremos dos/ una limosnita/ por amor de dios./ Gaur egun ona/ bihar pazkoa/ etzi ezkontzen da/ gure atsoa./ Agira-magira, kukurruku/ oilarrak ontzik hautsi ttu/ haik patzeko dirue behau/ etxe hontan oilo bi/ bata bestea diru bi/ etxe hontako etxekoandrek/ ama birjina dirudi."
Atea jo, kanta hau abestu eta inor ateratzen ez bazen, garai batean beste kantu bat ere egiten zen: "Armarioan xague/ kontrarioan katue/ etxe hontako limosnakin/ eztu bela beteko zakue", eta ospa ate ondotik badaezpada. Gaur egun ez dute horrelakorik abesten.
Esan, azken 10 urtez honoztik, Santa Ageda Bezperako koplak kantatuz ere saiatzen direla umeak. Honen harira, iluntzean trikitilariekin eta txistulariekin kalejira egiteko ohitura hartu da, prestatutako kopla kantari.
Apirila erdi aldera: HERRI KROSSA:
Kross berezia Leitzarrentzat. Herrikoiaren kutsurik ez du galdu eta festa itzela izaten da herrian. Apustuak, erronkak eta korrikalari finak ez dira sekula falta, ez eta parte-hartzaile eta korrikalarien umore ona ere. Adin ezberdineko korrikalarientzat egokitzen dira ibilbideak, beraz, inork ez du parte ez hartzeko aitzakiarik.
Maiatzeko azken aste osoa: KULTUR ASTEA:
1978. urteaz geroztik egin da Kultur Astea Leitzan. Aste honek hasiera aurreko asteburuarekin izaten du, eta horrela 9 egun jarraietan herrian askotariko kultur eskaintzak eskura izaten dira.
Astegunetan iluntze partean, normalean, hitzaldiak, dokumentalak, diapositibak, mahai- inguruak... egiten dira, momentuan aktualitate diren gai eta pertsonaiekin. Eta asteburuek festa kutsua izaten dute berriz. Nabarmendu beharrekoa da maiatzeko azken igandean esku-langileen erakusketa egiten dela; bertara Euskal Herriko artisauak etortzen dira, ahalik eta langintza gehienetakoak, betiere lekuaren muga aintzat hartuz. 30-40 esku-langitza postu izan ohi dira bertan.
Ekainak 23: SAN JUAN BEZPERA:
Arratsalde partean umeek Ingurutxoa, berta-bertakoa den dantza, dantzatzen dute plazan. Ondoren, txistorraz betetako opilak banatzen zaizkie, horiei eta, ahal bada, nahi duen guztiari.
Eta gauean, oso berezia den ospakizuna izaten da Leitzan: herriko plazan, bakoitzak bere afaria eramanda, 1.000 lagunetik gora biltzen dira afaltzera; herriko plaza afaldarrez betetzen da, koadrilaka-koadrilaka eramandakoa jatera. Gauerdiaren bueltan San Juan sua bizten da eta suaren gainetik, ohiturak dioenez behinik behin, hiru aldiz gutxienez salto egiten du nahi duenak. Udako solstizioaren sarrerako festa honetan, suak irudikatzen duen gaixotasunaren aurkako boterea agerikoa da. Sinesmenak ala sineskeriak, gau oso berezia dela ezin ukatuzkoa da.
Abuztuak 10-15: PESTAK:
Abuztuaren 10ean, arratsaldeko 6etan botatzen den suziriarekin, etxafuegoarekin, hasten dira Tiburtzio Donearen herriko pestak. Orduan hasi eta ondorengo bost egun eta erdian, ez da zer ikusi, zer entzun, zer dantzatu... zerekin dibertiturik faltako.
Txaranga, pailazo, goitibehera, xexen, entzierro, musika talde, bertsolari, pilotari, joko... ekitaldi asko eta askotarikoak izaten dira egunero, goiz eta arratsalde. Herrian bereziki arrakastatsuak izaten dira herri kirol erakustaldiak eta herriko dantza taldeak eskaintzen duen emanaldi berritua, eta une hunkigarrienetakoak, berriz, abuztuaren 11ko pesta egun nagusian gertatzen ohi dira, herriko ezpatadantzariek Ezpata-dantza dantzatzen dutenean.
Ikuskizunez gain, kale giro aparta izaten da herrian, kaleak bete jende hurbiltzen baita herri-gunera, bertakoak ez eze, kanpotik etorritakoak ere, eta txarangaren kalejirak tarteko, pestalez betetzen da herria.
Aipatu behar da, abuztuaren 10aren aurreko asteburuan "erreparto eguna" eta "umeen eguna" ospatzen direla. "Erreparto egun" horretan, urte horretako festetako egitaraua banatzen da etxez etxe. Egitarau hori "Plazaola" deritzon aldizkarian txertatuta banatzen da, oso aldizkari berezia herritarrontzat, izan ere herriko jendeak idatzitako mota guztietako idazlanak argitaratzen baitira bertan, urtean behingo honetan.
Abenduak 24: ORANTZARO EGUNA, GABON GAUA:
Gabon gauean, herriko zenbait atari, geroz eta gehiago, Orantzaro bertan dela argitzen dira: etxeetan Orantzaroak egin eta balkoietan, leihoetan, ate-ondoetan jartzen dituzte 24ko goizerako.
"Panpina" jarriz, edo zerbait irudikatuz... etxeetako Orantzaro desberdinak ikusiz herrian barrena ibilbidetxoa egiteko aitzakia polita da. Parte-hartzaileen artean lehiaketa eta zozketa egiten dira.
Iluntzean, berriz, Orantzaroari ongi etorria egiten zaio: menditik kablean iristen da herrira eta gero plazan ongi etorria eginda, kalejira egiten da. 2007az geroztik, Maimur herriko lamia mitikoak egiten dio bisita Orantzarori plazan egiten den ekitaldian. Ekitaldi honetan ere, gabon gauak izatez duen garrantziaz gain, data honetan ematen den solstizio aldaketa ere ospatzen da.
ZALDI EGUNA:
2005az geroztik egiten da egun hau. Herriko Perra taldeko zaldunek ez eze, Euskal Herri osoko hainbat tokitatik etorritakoek parte hartzen dute.
Festa hau ikuskizun bikaina izaten da, abereak ikuste hutsetik hasi eta horiek maneiatzen duten abileziarekin jarraituz, 200 buru inguru elkartzen baitituzte.
Doma desberdinak, zaldi-gurdiak, ibilbideak, erakusketa, otorduak, perraketa... ikuskizun osoa da.
TALO EGUNA:
Herrian bi talogile familia izaki eta 2004. urtean Talotegia irekita, egun hau ospatzen hasi zen. Egun Talotegia itxita badago ere, egunak aurrera dirau eta produktu honen erakusleiho egokia da.
Besteak beste, taloen lehengaia den artoa ekoizteko eta horrekin irina egiteko prozesu guztian beharrezko diren lanabesen eta abereen erakusketa izaten da egun horretan, herri-kirol saioez gain. Eta taloekin egindako mokadu berritzaileak prestatzen dituzte herriko jatetxe nahiz tabernek, eta plazan jartzen dituzte erakusgarri.
Eta nola ez, egun honetako protagonista, taloa, jateko egun osoan zehar izaten da, herriko bi talogileek jarritako postuetan.
ASTE MIKOLOGIKOA:
Duela 30 urte urteroko antolaketa bazen ere, bertan behera gelditu zen. 90. hamarkadan berreskuratzeko saiakerak egin ziren, baina urte pare batez lortu zen soilik. Geroztik ez zen egin, eta 2008. urtean beste saiakera bat egin zen, halako zoriz, non onttotarako oso urtabe txarra suertatu zen.
Baina hala ere, ontto aukera eskasia eskasi, 50 espezie desberdin sailkatzea lortu zen, eta erakusketa egin egin zen.
Datozen urteetarako, onttoen gai aberatsaren inguruan, erakusketez gain, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak antolatzeko asmoa dago. Noski, dastatzeko beta ere izanen da.
ALKE: Leitzako Kultur Taldea. http://www.leitzakultura.net